Eguraldia

ETB2ko solasaldi horietako batean tematu zitzaion JM Gastaca kazetaria Jaurlaritzako ordezkari bati. Krisi garai honetan eta aurrekontuak murrizte aldera, ba al du zentzurik Espainiak eta Jaurlaritzak zerbitzu berdina emateko bi erakunde finantzatzea?, galdetu zion. Bikoiztasunaren kalteak azaltzeko, eguraldia jarri zuen kazetariak adibide: el tiempo eta Euskalmet.

Ez nuen oso fin ikus-entzun Sailburu andrea. Saioan zehar bezala, ez gatz ez berakatz izan baitzen erantzuna. Ene ustez, ordea, inon baldin bada nabarmen Penintsula osorako Estatu zerbitzu baten alferrikako gastua, hori, eguraldi kontuetan Espainiak gastatzen duena da. Almeriako jendea ez da jaikitzen zeruari begira, berdintsua baitute egunero. Hemen, berriz, leihoa zabaldu orduko jartzen ditugu begiak hodeietan.

Ez dezagun ahaztu Espainiako el tiempo guk ere ordaintzen dugula eta Euskalmet, berriz, guk bakarrik. Alegia, ez dela bi norabideetan solidarioa, guretzat soilik dela gastu bikoitza. Lehendakari jauna, ez al litzateke egokiago izango Europa osorako meteorologi informazio zentro bakarra denontzat eta Landatatik Ebroraino eta Aragoitik Urdializeraino (Castro) informazio zehatzagoa izan dezagun gurea propioa mantentzea? Espainiakoa ordaintzeari utzi eta merkeagoa eta kalitate handiagokoa izan daitekeen Europako Meteorologi zentroa denon artean ordaintzea?

Lehendakari, Presidente eta Prefeta jaun andreak noizko Frantzia eta Espainia zaharretik deskonexioa eta herritarron beharrak hobeto beteko dituen zerbitzu egoki, fidagarri, solidario, azkar eta merkeagoak?

BEÑI AGIRRE

Euskara irakaslea