Leitzako ihauteriak; garai bateko ioterik

plazaolatarrak

Ihauteriak, neguko jaiak, eguberrietako solstizioaren ospakizunen ondoren, berehala etortzen zaigu horiek ospatzeko tenorea. Batzuen esanetan, Erromatarrek saturnalak ospatzen zituzten hauen antzera, ziur aski beste inguruko herriek ere ospatuko zituzten, Europan zehar, negua aurreratzean  udaberriari deiadarka. Ondoren, mendez mende eliza katolikoak baldintzatu izan du ihauteriak ospatzeko garaia. Erdi aroan, dirudienez, indar handia izan zuten.

Besta bereziak dira leku guztietan, eta, jakina, baita Euskal Herrian ere. Nafarroako herri askotan pertsonai eta jai koloretsuak eta berexiak gorde dira. Eta gaur egun, herri askok bere ospatzeko era eta pertsonai propioak ditu. Horrela bideratu dira herri askotan. Dirudienez, baserri munduan dute beren sustraia eta horri eustearren jokatu dute horrela.  

Gure herrian, Leitzan, ihauteriak bereziak dira ospatzeko egunetatik hasita; izan ere, goiztiarrenetakoak baitira. Horrek badu izateko arrazoia, eta 1936tik aurrera eman ziren baldintza gogorrei zor diogu. Ihauteriak bezelako jaiak, aurpegia estalita ibiltzeko ohitura eta ospakizunak galarazita egon ziren. Jakina, gerra izan eta ondorengo urtetan umore gutxi eta behar asko ziren jaiak eta horrelakoak ospatzeko. Baina, hala ere, urte oso gutxira oroimenak berpitzarazi zituen jaiak ospatzeko herritarren grina. Hala, urte batzuetan ihauteriak ospatu ziren berez dagozkien datetan, ongi ospatu ere. Baina laster hasi ziren elizaren eta zibilen erasoak. Urte frankotan galarazita egon arren, herritarrek lehengoari eutsi eta atera egiten ziren aurpegia estalita, zintzarri-kulunak zintzilik, txanoa buruan eta arropa berezi batzuk soinean. Dena dela, atxiloketak, jendearen atzetik ibiltzeak eta mehatxuak zirela medio, herriko agintariek erabat kentzea erabaki zuten, eta, ordainetan edo, dataz aldatu zituzten. Urte batzuetan, jendearengan horrek ezinegona eta haserrea sorrarazi zuen eta ahaleginak egin zituzten plazan beharrean beste auzo zein herriko estazioan festari bizirik eusteko. Azkenean, 50eko hamarkadan, dataz aldatu eta izena ere aldatu zitzaien:  pesta txikiak.

Gauzak horrela, data desberdinetan izan arren, ihauteriek aurrera egin zuten eta bertako usadio batzuk berreskuratu. Leitzan gainera, Tolosan edota Zubietan ez bezala, aurpegia estalita atera izan da jendea beti, oztopoak oztopo. Eta bertako jendea Tolosara joanda, harriturik gelditzen zen hango festa ikusita, hau da, jendea aurpegia agerian zebilela ikusita.

Azken urteotan, aldiz, gure herri ihauteriak urbanizatuz eta aldatuz joan zaizkigu. Mozorrotzeko aukeratzen diren gaiak, arropak, karrozak…Jenderik gehiena aurpegia estali gabe ateratzen da. Hala ere, gordetzen dute nolabaiteko lotura bat landa-baserri “mundu “ harekin: baserriz baserri eskean ibiltzeko usadioak iraun baitu orain artean, eta arrakastatsua baita oraindik orain ere.

Baina, horretaz gain, nola ospatzen ote zituzten lehen ihauteriak Leitzan?

Oroimen kultural hori ongi gordea gelditzen zen adineko batzuen buruan, eta ederki gogoratzen ziren  “atsauretuen” ibilieraz. Errekako auzokoak ziren famatuenak herritarren artean gerra aurreko urte haietan:  haien soineko eder, ttuttur haundi eta koloretsuak… Arkixkilgo atsoak ere aipatuak ziren eta Gorriztaran zein Erasoteko zakuak eta azienda-jantziak ere nabarmentzen ziren.

Duela hogeitabost bat urte herritar talde batek egin zuen atsauretuen agerraldia lehengo haien  oihartzunean. Ondoren, zenbait urtetan baten bat ikusteko aukera izaten zen, alegia, atso edo atsaureturen bat. Geroago, 2007. urtearen inguruan, herriko iñauterizaleak eta ALKE kultur taldeak elkarlanean hasi ziren pertsonai haiek eguneratzeko asmotan, ihauteri zaharra berreskuratzeko asmotan:  testigantzak jaso,  tailer batzuk antolatu. Eta horren fruitu hauxe: urtero egiten da atsauretuen kalejira ihauterietan garai batekoak eguneratuz, pertsonaiak eta ibilerak ere piska-pixka berpizten ari dira.

Eta nolakoak ziren, ba, 1936. urtearen aurreko ihauteri haiek? Zer bereizitasun ote zituzten? Horretarako, 80 urtetik gorako herritarrei galdezka hasi ginen eta gauza interesgarri asko azaldu ziren. Hasteko, pestei deitzeko izenak: zaharrena eta orokorrena “ioterik” , batzuek “karnabalak”, eta besteren batek, aldaeraren ondorengoez “pesta txikik”

Ospatzeko era oso parte-hartzaileak zen:  “jende asko” zomorrotzen zen, eta gainera modu askotara. Jaso dugunez, Euskal Herriko beste herritako pertsonaien oso antzekoak ziren hemen ere. Eta ez zen pertsonai nagusi bat, baizik eta pertsonai berezi ugari, eta guziek beren rola betetzen  zuten pesta ospatzerakoan: taldetxoa elkartu eta joare zein kulunke soinua zabaldu izpiritu gaiztoak eta uxatzeko, adituen esanetan; jendea izutu, lokatzez edo bestela zikindu, jendeari barrea eragin; umeei segitu eta maskuriz jo edota luma-isatsez eta abarrez zirikatu; neskei kilimak egin, astinaldiak eman, besarkatu edota dantzan ibili… Haur eta gazte dexente omen zen ikaratzen zena, izututa balkoietan edo etxe barnean gelditzen zena, atsauretuen beldur…

Erreka auzoko baserritarren atsauretuez oroitzen ziren zaharrenek gehien bat, gerra aurrean eta ondoren ere oso nabarmendu baitziren. Errekako auzotarrek, Nafarroa eta Gipuzkoako mugaz bi aldetakoek, urtean zehar, ttutturru haundi batzuk osatzen zituzten txano xume bat oinarri hartuta, alanbre batzuekin estruktura handiagoa osatuz, eta ondoren  kolore ezberdinetako parerekin estaliz; amaitzeko, putre edo zapelatz lumekin osatu eta dotoretu. Oso ikusgarriak izaten ziren tuturru horiek buru gainean jarrita: altu izugarriak eta eder ederrak. Atsaurea osatzeko, dena goitik behera: soineko luze koloretsuak,  eskuan eskularruak jarri eta txerri maskuria edo lumekin egindako isatsa hartu; gerrialdean txintxarri eta joareak paratu, aurpegia eta lepoa den-dena ongi estalita. Laguntzailetako, ba,  akordiolari bat soinua ateratzeko haien ibilbide berezietan. Ibilbideak berriz urtero desberdin: Plazaolatik abiatu eta Berastegiko bentetara gosaltzera joan, eta gero herrira, Leitzako plazara; edo Errekatik Aresora lehendabizi eta gero herrira. Bidean zihoazela, saltoka, konpasean ibiltzen ziren kulunka-txintxarri edo joarez soinu polita egiteko. Zaharrenen esanetan, Iturengo joaldunen modutsuan ibiltzen ziren. Gainera, bidean herrirantz zetozela, Sakulu auzoko eta beste baserri batzuetako atsaure gehiago ere elkartzen zitzaizkien. Hala, ikusmin handia bizten zuten herrian eta haien etorreraren zain herritar asko egoten zen, halako jantzi dotorekin, tuturru haiekin, herria gora eta herria behera. Jendea ez omen zen aspertzen haiei begira.

Urteren batean, gerra aurrean kamioi batean joan omen ziren Tolosako ihauterietara, hain ikusgarriak izanik, hara ere eraman behar zituztela ba zomorro ikusgarri haiek, hegazkien lumez beterik eta abar.  Tolosar batzuek kapritxoa hartu eta lortu artean ez baitziren gelditu, nonbait.

Haien jantziera suertatu zen urte askoan arrakastatsuena eta hango mutilek tuturruak saldu, eta hurrengo urterako handiagoak egiten omen zituzten. Hala, tuturruak asko zabaldu ziren herrian eta metro pasako altuera izatera ere iritsi ziren. Horiek, lumez eta kolore askoz hornituak izan dira bereziki maitatuak lehengo mendean.

Dena dela, atsauretzeko era anitza zen, zabala oso: herri guzia atsauretzen omen zen, mutilak ia denak eta neskak ere ateratzen ziren. Izan ere, zer da atsauretzea, atso edo agurez janztea besterik? Izaera duala? Eta horrek zer esan nahi du? Atsoz edo agurez janzten zela jendea, eta normalean mutilak neskez eta neskak mutilez. Eta, den-denak aurpegia estalita, eta zerbait berezia eskutan (maskuria, luma-isatsa, makila…) eta buruan (txanoren bat beti). Mutila estali gabe etxetik ateratzea lotsa omen zen garai haietan. Hala ere, neska dezenten berri ere izan dugu, nola ateratzen ziren inork ezagutu gabe… Esaterako, ijito eran jantzi eta senarrari berari musuak eman zizkion haren testigantza xelebrea! Senarrak berak ez ezagutu eta ondoren harro demonio musukatu zutela esanez, eta etxekoa izakio!

Atso asko izaten zen soineko luze samarrakin, ahal bazen koloretsuak, tuturru liso batekin, apaingarri batzuk erantsita…Besterik ez zuenak ba, etxeko zarpa batzuk jantzi eta atso-jantzia egina. Esaterako, mutilen artean arrakastatsuenak emakumeen jantziak; soineko zahar bat, gona, sobrekama luze bat edo manddarea, sostenen bat agerian igual…Ez ezagutzez gero (aurpegia estalita) eta trastakeria egiteko modua izanez gero, aurrera, dena prest! Eta ez ezagutze horretan, ba, auzo batekoa zena, beste auzo batetik ateratzen zen, eta hala nor nondik zebilen edo heldu zen berdin zitzaioan, dena alderantziz egiten baitzuten. Hala, ibilerak ere aldatzen zuten: zalkorra erantsita, tripa jarrita, urgun edo maingu ibilera egin… Eta bakarren batek ezagutuz gero, segidan etxera joan eta arropa aldatu. Edo lagunarekin joan eta harena jantzi…

Baserri inguruko jendea askotan azienda-jantzian ateratzen zen. Inon larruren bat edo baldin bazen, ba, han izanen zuen soineko gisa edo. Beste Euskal Herriko herri askotan gorde den moduan, Leitzan ere bi  animali esanguratsuenak  azaltzen omen ziren negua atzean uztearen ondorioz edo: hartza eta otsoa. Gorputza osorik asto baten edota ardi-larrukin estalita, haien ibilerak eta erasoaldiak imitatuz, jendea izutuz eta lizunkeriak eta eginez…Otso jantzian zebilena lau hanketan ibiliz herrian barrena…erasokor!

Azienda-jantzian era gehiagotan ere ateratzen ziren eta guziak oso ikusgarriak eta beldurgarriak izaten ziren. Larrua gorputzean jantzi, buruan erantsi kaska-hezurra eta adarrak, eta kanpora zomorroturik! Behia, zezena edo akerra ikustea ohikoa, jendeari ekinez adarkazoa jotzeko asmotan; ahari-jantzian ardi larruz estalita eta jendeari erasoka kopetakoa emateko…Asto edo behor jantzian ere ibiltzen zenik ere bazen. Baita behi-parea bailitzan, uztarrin loturiko bikotea, kopetakoak eta denak ederki paratuak eta gurditik tiraka, herri erditik barrena plazaraino, gurdian erantsita zerbait eramanez….

Horiez gain, oso zabaldua baserritarrengan eta abar zakuz janztea; belarrarekin edo arto-txurikinarekin behetik eta goraino lodi-lodi jarrita, ongi betez soin guzia…Edota zakua burutik behera jarrita… Horrelakoak izaten ziren urtero batzuk, eta jendeak barre egiten zuen erruz. Dena dela, bultza eginez gero, lurrera erori eta ezin goratuz gelditzen baitziren zaku-potzolo horiek, eta traketsa omen zen atsaure hori.

Bestelakoak ere aipatuak dira ohiko moduan: mamuak edo sorginak bezala maindire zuriz eta abar jantzita; inudeak haurra beren aulkitxoan zeramatela; apaiz jantzian ibiltzen zirenak; argazkilari gisan ateratzen zirenak argazkia beharrean ura eta lokatza botaz garai bateko makina estalia agertzerakoan tutu batetik zirria botata; herriko agintarien gisan jantzi dotore-dotoreekin ibiltzen ziren pertsonai bereziak…

Beste ohitura berezi bat zen animaliak mozorrotzekoa: txakurtxoa ume moduan sehaskan sartuta, haurraren soinekoa jantzita; astoa arroparekin eta txanoa eta abarrak jantzita; azeria bizirik ekartzea, edota bestelako aziendaren bat ere oso ohikoa izaten zen, modu barregarrian jantzita betiere. Aldika, gurdiak ere azaltzen ziren: baten putrea loturik ekarri, bestean beste animaliaren bat….
Eta antzerki edota bestelako ikuskizunak ere oso estimatuak ziren: jendea plazan zelarik, bat-batean hortxe agertuko zen taldetxoren bat bere ikuskizuna eskaintzera: kuadrila oso bat garai bateko ezkontza antzeztuz; gurdia idi pareak eramanik, kaskabiloen soinua, han barnean arreoa; ezkontzan parte hartu behar zuten guziak jantzirik dagokion eran baina jakina aurpegia estalita…. Geroxeago, hortxe azalduko zen beste taldetxo bat: apaiza, laguntzaileak, ama eta haurra bataitzeko, bataioa ospatzen hasi eta haurra beharren txakurtxoa soineko zuri luzearekin, hura bataiatuko zuen apaiz estaliak! Beste batean berriz, iruleak gurdi gainean antzina egin ohi zuten gisan beren tresna guziak erabiliz….Edota dantzariak: bi bikote ingurutxorako prest goitik behera jantziak baina atsauretuak plaza inguruan dantzan…Nor ote? Neskak edo mutilak?

Zankoekin ere ibiltzen ziren aldizka Gorriztaran auzoko baserritar batzuk, eta horrek ere jendearen gogoa asebetetzen zuen: han baserri-auzoan jantzi, beste auzo bateraino joan, kasu honetan Erasotera tuneletatik ezkutuka, eta handik, Uitzi aldetik bezala, herrira zankoen gainean, jendeak urrutitik ikusten zituela: bat ardi-larrue bizkarren zuela, bestea tuturru batekin, hirugarren bat zakue burutik. Jakina, denak aurpegia estalita. Nongoak ote ziren erraldoi haiek? Uitziarrak? Lekunberriarrak?

Igandea, astelehena eta asteartea, hiru egun. Leitzarren hizkeran: zaldun-iote, astelehen-iote eta astearte-iote. Hiruetan atsauretu behar, eta inork ezagutu gabe. Lagunekin eta abar aldatu egin behar beraz arropak. Eta iluntzean, apaizak amaezkila jotzen zuenean, trapua kendu behar edo alde egin behar… Biharamunean berriz, bazkalondoan, herrira atsauretuta…Ahal zuenak dantzaldiren bat egin, edo neskatxen batengana edo arrimatu eta besarkatu…edo luma-isatsarekin kilimak egin….Oihua egiten zion haurrari eraso. Haurrek eta gazteek ohiu egiten baitzieten: “Atsoa atsoa zerrie beño faltsogoa”. Eta hori adituz gero, zalaparta eta saltsa hortxe hasiko zen, ume eta heldu askoren gozagarri…

Hori guzia esan bezala gerra aurrean eta gerra ondoren ere bai urte mordoan. Egun horietan eta gaueko amaezkila jo bitartean dena libre eta dena libertade! Ihauterietan naturari goratzarre, eta zintzarri soinua lagun izpiritu garbitze bikaina!