Iran izanen ote da hurrengoa?

Badirudi AEBetako hurrengo erasoa Iranen aurka izango dela. Iranen kontrako erasoak zenbait helburu beteko lituzke: petrolio-enpresa anglo-amerikarrek dituztenak, Wall Street-eko estatus finantzarioarenak eta militarrek eta industriak osaturiko multzo bereziak oso aspalditik dauzkanak.

Etorriko datekeen eraso honen zergatiak askotarikoak dira. Baina bat oso funtsezkoa da. Izan ere, orain dela zenbait denbora, Iraken kontra erasoa aztertzerakoan aipatu genuen bezala, eraso haren atzean dolarraren eta euroaren arteko gatazka zegoela eta nazioarteko gasolio-merkatua zela gatazka haren esparrua.Hain zuzen ere, 2000ko udazkenean Saddam Husseinek aparteko bekatu larria egin zuen Irakeko gasolio-esportazioak eurotan gauzatu zituenean. Orain irandarrak petrodolarrak alboratzerakoan eta beren esportazioetarako euro-dolarrak onartzean bide beretik abiatu dira. Sasi argudioa ere topatu dute iparamerikarrek: Iranek helburu nuklearren inguruan omen dauzka asmoak arriskutsuak dira.

Baina benetako arazoa beste bat da: Teherango gobernuak 2005-2006rako plan berezi bat dauka nazioarteko petrolio-merkatuen inguruan, euroa erabiliz. Horrek berriz ere esan nahi du ezen euroak nazioarteko merkatu horretan tinkotasuna lortu ahal izango duela, AEBek horren aurka parte hartzen ez badute.AEBek dauzkan defizitak kontuan harturik, Teherango gobernuaren helburua AEBek nazioarte mailan eta petrolio-merkatuan daukaten dolarraren nagusitasunaren aurka doa.Iraken kontrako gerla gertatu zen moduan, Iran-en aurka etor daitezkeen erasoak petrodolarraren makroekonomiari daude lotuta. Are gehiago, Iranek proposatutako petroeuroaren sistemak dolarraren nagusitasuna kolokan jartzen du, sistema berri horrek euroa hartzen baitu petrolio-transakzioetarako moneta nagusitzat.

Orain badirudi jende askok onartzen duela Iraken inbasioa ez zela arma berezien kontrako operazioa baizik eta Irak-ek dauzkan hidrokarburoen erreserbak kontrolatzearen alde, eta bide batez eta bereziki, mundu mailako dolarren nagusitasuna, petrolio-merkatuan, gordetzearen alde.

Inbasioa eta gero, gauzak bere onera etorri ziren, zeren, Financial Times delako aldizkari ospetsuak, 2003.06.05eko artikulu batean, baieztatu zuen Irak-eko petrolio-salmentak berriz ere dolarretan gauzatzen zirela, eta ez eurotan.Beste helburu bat ere bazegoen lehengo inbasio hartan: LPEE delako petrolio-esportatzaileak diren herrialdeek petroeurora ez jotzea, eta beren petrolio-transakzio guztiak dolarretan gauzatzen segitzea. Hau da, eraso eta inbasio hura beste petrolio-esportatzaileen herrialde guztietarako mezu garbia zen: esportazioak dolarretan egon behar ziren.

Badirudi bigarren helburu hori ez dutela lortu AEBek, zeren ez soilik Iranen, Errusian eta Txinan ere euroa erreserba gisa edukitzeko aukera eztabaidatzen ari baitira. Hortaz, bigarren petrodolarraren inguruko gerra hurbil egon daiteke, orain Iran-en kontra. Ikuspuntu ekonomiko eta monetario soil batetik, petroeuroaren sistema oso logikoa da, zeren Europar Batasunak petrolio gehiago inportatzen du LPEE delako herrialdeetatik AEBek baino, Europar Batasunak Erdi Ekialdetik inportazioen %45a jaso baitu.

2004ko ekainean Iranek bere petrolio-merkatuaren inguruan burtsa bat martxan jartzeko asmoak plazaratu zituen. Burtsa hori lehian egonen da Londres-en eta New York-en dauden antzeko burtsa bereziekin, zeintzuk AEBetako petrolio-enpresenak baitira. Baldin eta Iranen burtsa hori martxan jartzen bada, petroeuroa finkatu daiteke petrolio-transakzioetarako moneta gisa, petrodolarraren nagusitasunarekin bukatuz. AEBek bi aukera dauzkate:

(i) Irani erasotzea eta horretaz esperientzia txarra daukate. Horren aurka, erasoak ekar ditzakeen arriskuak eta kostuak aipatuz, zenbait jende aritu da, baita nuklear eraso baten ondorioak ikertuz ere.

(ii) Gerra alboratuz, EBrekin eta LPEE delako herrialdeekin akordio batera iristea. Beste gerra bat jasanezina litzaieke AEBetako bizilagunei, Iraken gorabeherak oraindik bukatu gabe daudenean.

Botere ikuspuntutik, Iran inbaditzea litekeen aukera da. Baina Iraken, gauzaturiko inbasioa eta gero, egondako esperientziak pentsarazi beharko lioke Pentagonoko jendeari. Gauzak ez baitira hain erraz bukatzen.

Pentsatuko ote dute? Geroak erranen!