Gogoetak itsasoari begira

Arrantzale jubilatu batek deitu ninduen Getariako moilan. Erosi-berri duen ontzia erakutsi nahi zidan, «kanoa» dotore bat, txibietarako darabilena. Lemaren kabina gaineko bandera espainolari begira nengoela ikusirik, jartzera behartu zutela esan zidan, isunaren mehatxuz eta presentzia polizialaren izutzeko ahalmena profitatuz.

 

Yatea erosi eta berehala agertu zitzaizkion bi Patrol berde banderaz galdezka. Barruan zeukala, berak. Ezetz, kanpoan behar zuela, ongi bistan, bestela 300 euroko isuna izango zuela.

 

Irudikatu nuen, goiz batean, komisaldegian tenientea aginduak ematen bere gizon armatuei: hartu zortzi gizon, sartu bi Patroletan eta zoazte, legedia eskuan, Getariako moilara arrantzale jubilatu bat mehatxatzera. Justu ni moilatik ateratzen ari nintzela ikusi nituen berriro Guardia Zibilak etortzen: zortzi gizon, bi Patroletan, ea arrantzale gizarajoak haien agindua betea zuen baieztatzera.

 

Justu egun hartan Espainiako Defentsa ministroa zetorren egunkarian, esplikatuz ejerzitoak Euskadin dituen kuartelak ez dituztela itxiko, «defentsa nazionala» burutzeko beharrezkoak direlako.

 

Saiatuko gara historia ahazten, baina errealitateak gure begien aurrera ekarriko digu, etengabe, egia izugarria: konkistak jarraitzen duela, isil-isilik, atsedenik hartu gabe, setati, iraun eta iraun denboran.

 

Ekainaren 6ko BERRIAko titularrak gogoratu nituen, Xabier Gantzarainek ironia freskoaz «Alde ederra da gerra oste baketsu hau!» zioen bitartean: «Auzitegi Nazionalak ezker abertzaleko 40 lagun epaituko ditu urrian»; «Bateraguneko bostak kartzelan segitzea ebatzi du Auzitegi Konstituzionalak»; «Inoiz baino kexu gehiago jaso dituzte Behatokian: 1.431».

 

Euskaldunok, horrela, zigor bikoitza jasotzen dugu: historiak ezarri diguna, batetik, eta gure itsutasuna, bestetik, ingelesen errefrau baten arabera «Jainkoak zigortu nahi gaituenean itsu bihurtzen baikaitu errealitatearekiko».

 

Gerrak jarraitzen du. Eta ezin badiogu «gerra» deitu, erregimen totalitario baten eraso etengabeak direla esan beharko dugu. Eta jarraitzen du akulturizazioak: Azkoitiko batxilergoko ikasleei egindako inkesta baten arabera, %29ak soilik ezagutzen du Kirmen Uribe, gure ospetsuenetakoa.

 

Kezkatzen naute berreskuratzeko dauzkagun espazioek, baina larritzen nau, baita ere, gure egoeraz ohartzeko behar dugun denborak.

 

Duela bi urte gure politikoen noraeza salatu nuen Zer gertatzen zaie gure politikoei? artikuluan, eta txistuak jo zizkidaten. Berriki Maddalen Iriartek gauza beretsua esan du Azpeitian hitzaldi batean, laburtuz, politikoek asko hitz egiten dutela ezer ez esateko, ez direla ezer konpontzeko gauza, eta txaloak jo zizkioten.

 

Etsai jauna, buenos dias artikuluan salatu nuen etsaiekiko dugun inozotasuna, eta txistuak jo zizkidaten; berriki Hasier Arraizek gauza bera esan du egunkari batean: «PSE-EErekin dezepzionaturik gaude. (…) Madrilen esandako guztia betetzen dute». Mezu ofizial bihurtua da nire ahotan polemikoa zena.

 

ETArik gabe dena posible zela sinestearen torpezia politikoa ere salatu nuen. Eta hara non, bi urtera, Hasier Arraizek berresten duen nirea: «Esan zuten ETArik gabe dena posible zela, baina ez da hala izan». Eta Joseba Alvarezek ere bai, Libre izeneko dinamikaren aurkezpenean: «Armarik gabeko jokaleku batean ideia guztiak libreki defenda genitzakeela zioten, baina hara non gauden».

 

Eusko Jaurlaritzaren ospe galduak izan duen birraktibazioa salatu nuen hauteskundeetan, eta apirilean Abel Muniategi, Ibarretxeren garaian Sailburuorde izandakoa arrazoia ematera etorri zitzaidan BERRIAn bertan: «Niretzat frustragarri samarra izan zen, ikusten nuelako hura ez zela gobernua, administrazioa baizik. Eta administratzeko ez da zertan abertzalea izan: egunero sortzen diren lanak konpontzea baino ez da, eta horretarako ez da ideologia konkreturik behar. (…) Nire iritziz Gasteizko gobernutik ezin da gauza miragarririk egin».

 

Nafarroan (edo EAEn) hauteskundeak irabazita erregimena alda litekeela uste dutenei egoki erantzun zien Moañako arrantzale batek, telebistan preferenteen auzia zeinek konpondu beharko lukeen galdetu ziotenean: «Lehenengo goiko gobernuak, eta gero gureak». Lehen esaldian eskua altxa zuen, bigarrenean jaitsi, garbi agertuz bizi dugun sistema politikoaren hierarkia.

 

Herri baten ahuldaderik handiena da ez jabetzea daukan indarraz. Eta esklabotzaren sintomarik nabarmenena da herri arrotzaren gorrotoak beretzat hartzea, zapaltzaileak digun gorrotoa geuk ekoiztea eta geure identitatean txertatzea. Gure arteko haserrea gauza gozoa da etsaiarentzat.

 

Gure fragmentazioa Gaztelan diseinatu zen. Gure osotasuna Euskal Herrian diseinatuko da. Euskal Herriak diseinatuko du bere buruarentzat. Guk ez genion Gaztelari deitu hona etor zedin gure erakundeak konpontzera; orain ere ez diogu deituko, ez laguntza eskatzeko, ezta informaziorik emateko ere. Gure etorkizuna guri inporta zaigu, ez Espainiari edo Frantziari, besteak beste, haien borondatearen aurka eraiki beharko dugulako.

 

Okupatu gintuztenetik arazoak besterik ez ditugu izan haiekin. 800 urte. Nahikoa da arazotan ibiltzeko, ezta? Independentziarekin bukatuko dira arazo horiek; eta hortik aurrera, edozein estatuk munduaren egoerak eraginda dauzkan arazo berberak izango dira gureak, baina burujabetzatik abiatuta konponduko ditugu, eta ez menpekotasun politikotik.

 

Hori lortzen ez dugun artean, beti haserre ibiliko gara Espainiako «makinaria judizialarekin», Frantziaren adar-jotzeekin, beti borrokan. Ibiliko gara inoiz gure herriaren potentzialitate guztia garatu ezinik, beti erdizka, errenka, erdipurdika, errespetua eskatuz espainol agintari atzerritarrei, Konstituzionalari giza-eskubideak bermatzeko ardura exijituz, itxaropen mortuaz munduan gure negarrari kasu egingo dioten agintarien esperoan eternalki, historiaren aurrean behin betiko askatasun oso, global eta integrala lortzeko ezgauza izan ziren herrien zerrenda tristean negar-zotinka.

 

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-08-04/005/001/gogoetak_itsasoari_begira.htm