Artzeren bazterrak

Don Adolfok Gaztelaniazko Literatura ematen zigun apezen ikastetxean. Behin, ez naiz oroitzen zeren harira, alde batera utzi zituen Galdos eta Becquer, eta hasi zitzaigun poeta berri eta izen gabe baten lanaz. Haren ikusizko poemek txunditurik zeukaten gure gizona, batez ere nola, hitz guti batzuk etengabe errepikatuta nola moldatzen zituen ohartuta. Eta, gainera -bitxikeriaren bitxikeria- “en vasco!”. Don Adolforendako, abangoardiaren gailurra zen hain baliabide urriekin hain modu grafikoan aritzen zen olerkari ezezagun hura. 1974an edo 1975ean izanen zen hori. Hiru-lau urte geroago, Isturitzetik Tolosan barru poemategia irenstean ohartu nintzen Joxean Artze zela gure irakaslea hain miretsirik utzi zuena. Euskal Herrian ez genuen 68ko maiatzik ez amodioaren udarik ez Woodstockik izan. Dena zurrupatzen zuen frankismoaren kontrako borrokak. Kontrakulturaren haize berriak guregana ekartzen lehenbizikoetarik izan zen Artze. Lanaren uztarriaren salaketa, naturaren eta sexu askatasunaren aldarrikapena, erlijioaren eta konbentzionalismoen ukoa ekarri zigun usurbildarraren lehen poesiak, gure artean inoiz ikusi bako berritasun formaletan apainduta. Eta guztia, modernotasunaren aitzakian euskalduntasunari bizkarra eman gabe. Gero, etengabeko bilaketak aldarazi zizkion begirada eta pentsaera. Artze kontrakulturalari, bertzelako Artze batek eman zion segida, Ekialdeko doktrinekin liluratua, gaztetako oldarkortasuna apalduta. Argiaren eta transzendentziaren xerka abiatutako azken bidaiak abiapuntura itzularazi zuen poeta, gaztetan hainbertze gaitzetsi zuen amaren federa. Entelegatzen zailak, Jainkoaren bideak. Nik Laboaren ahotsean gordeko dut gogoan, laino artean, Gure bazterrak edo Gogo eta gorputzaren zilbor-hesteak kantari. Inon zerurik bada, Leterekin ibiliko da han, metafisikaz solasean.

NOTICIAS DE NAVARRA