Fikzioa da bidea

Binetaren munduari sarritan lotzen zaio historia. Bien uztardura dibulgaziorako bidea da batzuentzat, irakaspenak pasarazteko medio atsegina beste batzuentzat, eta arma politikoa hainbatentzat. Ezin uka komunikazio tresna azkar eta zuzena dela.

fikzioabidea

JOSEVISKY

 

Komikia medio bizia da, eraldatzen ari den artea, eta beste adierazpideetan gertatzen den bezalatsu, hibridatu egiten da, joera berriak sortzen ditu. Ildo batek, esate baterako, kazetaritzari hartu dio tokia, fikzioari garrantzia apaldu eta kronika sozialari ekinez, komunikabideetatik lortu ez den oihartzuna erdiesteko, hainbatetan. Will Eisnerri jarraikiz —nobela grafikoaren kontzeptua hari zor zaio—, kazetari, marrazkilari, kontalari nahiz idazle ofizioak batzen dituzten egileak eta beren erretratuak gailendu dira aspaldion: Guy Delisle (Birmania, Jerusalem), Joe Sacco (Palestina), Sarah Glidden (Israel)…
Komikiaren beste ildo errotuago batek historiari heltzen dio bete-betean. Adibide zehatzagoetara etorrita, frantsesez argitaratzen diren lanen artean hedapen eta estimu berezia izan ohi dute, hain zuzen, gertaera historikoei eta pertsonaien biografiari heltzen diotenek —Lehen eta Bigarren Mundu Gerrak, Trafalgar, Mitterrand, Lenin, Picasso….—.
Eta euskaraz? Heldu ote dio euskarazko produkzioak joera horri, eta nola? Begiratu azkar batek baietz dio, erroei erreparatzeak eman duela fruiturik: Gabai bilduma entziklopedikoa, hastapenean Lur argitaletxeak argitaratu eta gerora Egin egunkariaren bidez zabaldu zena; Rafael Ramosen Amaia. Euskaldunak VIII. mendean; Mattinen Sua itzali, hiria piztu, 1813ko Donostiako sarraskia kontatzeko sortua; Verdun, Markok eta Sergio Holgadok Jean-Yves Le Naour-en gidoiaren gainean marraztua; 1512 Nafarroa, amets urratua, Joseba Asironek eta Martin Unzuetak ondua; Gregorio Muro Harrieten Justin Hiriart seriea…
Mikel Begoña gidoilaria da —besteak beste, Matxitxako, berunezko itsasoa eman zuen argitara, gudaren 70. urteurrenaren harira—, eta euskal komikigintzan aditu ere bada. Hark dioenez, «Franco hil eta gero, Zentsura Legea bertan behera gelditu zenean, mugimendu handia izan zen Hego Euskal Herrian, historia eta iragana berreskuratzeko. 1980ko hamarkadan ere ildo horri jarraitu zitzaion». Apurka, baina, orekatu egin da joera Begoñaren ustez, eta gaien aldetik ere beste herrialdeetako komikigintzaren pare ageri da Euskal Herrikoa, «nahiz eta kurioski, egile askok, gustuz-edo, nahiago duten historiara jo». Historiari, bestalde, ez zaio lehen bezain zurrunki heltzen, eta ez dira beti heroi kontuak nabarmendu nahi izaten direnak. Normalean, ikerketa bat izaten da muina; gai bat hautatu, horren barrenak arakatu, eta istorioa ateratzen da hortik. Kasu horietan, dibulgazioa izan ohi du funtzioa, eta entretenitzea.
Begoñak esan bezala, historiak ez du beharbada aparteko garrantzirik albumetan, baina komikiak, edo binetak zehatzago esanda, zabalagoa du unibertsoa, eta, bere osotasunari erreparatuz gero, uste baino munta handiagoa hartzen du atzeranzkoak.
Susanna Martin komikilaria da, eta, Mikel Begoña bezala, Historian lizentziatua. Haren Atzo, atzo, atzo lanak Portugaleteko zirgarien eta zamaketarien bizimodu petrala dakar argitara. Pikara magazinak plazaratu zuen, hain zuzen, Bilboko herriak kale baten izena eskaini zienean.
Susanna Martinek bestelako funtzioa egotzi dio bere jardunari, generoaren ikuspegia bilatzen baitu: «Historia garailearen ikuspegitik idatzita dago, gizonezko zuri, heterosexual eta burgesaren begirada du, eta nik bestelakoa ekarri nahi izaten dut: feminista, ezkerrekoa, konprometitua. Zirgarien kasuan, erabat ikusezin bihurtutako emakume haien genealogia berreskuratu nahi nuen. Emakumeok ezeren baliorik ez zuten, idiek ere balio handiagoa zuten haiek baino. Justizia historikoa bilatu dut».
Joseba Larratxe Josevisky marrazkilariaren ustez, historia komikilari guztiek ordaindu beharreko zerga da ia: «Euskal aferak akuilatzen gaitu horretara». Iraganeko garaiez hitz egin behar denean, «oso efektiboa da irudia. Pasarte historiko bat ikustea, irakurtzea baino askoz eraginkorragoa da», haren ustez. Hain zuzen, ezer baldin bada bineta, informazioa azkar eta zuzen ematen duen lengoaia da. Historian doktore eta Komikiguneko arduradun Dabid Zapirainek dioenez, «komunikazio tresna ikaragarri ahaltsua da, historia kontatzeko ere balio du, nahiz eta ikasiko duguna, sarritan, estereotipoak eta egoera absurdoak izan. Asterix eta Obelixi esker, asko dakigu Galiaz».
Alde horretatik, komikiaren onurarik handiena iruditeria kolektiboari ekarpena egitea litzateke, Joseba Larratxeren aburuz: «William Wallace esan, eta Mel Gibsonez akordatzen garen bezala, ederra litzateke Eneko Aritzari ere irudi bat lotzea».
Asisko Urmenetak komiki politikoa lantzen du, eta, bere hitzetan, «historia argumentu ahaltsua da, herri ukatua garen aldetik. Euskaldungoa ukatua da, eta, nafarra naizen aldetik, ukazioa are eta gaitzagoa da enetako». Urmenetari hitzaren eta irudiaren arteko talka interesatzen zaio: «Politikariek kirtenkeriaren bat botatzen dutenean, edo semiotika ministeriotik halako hitz super-progresistaren bat haizatzen digutenean, irudia da armarik eraginkorrena kontrapuntua jartzeko. Izan ere, denok ere irudi bidez pentsatzen dugu, baina gero nahaspilatu egiten gaituzte hitzen bidez. Har dezagun bake hitza. Berdin ikusten al dute bakea Nepalen eta Txinan, Palestinan eta Israelen, Euskal Herrian eta Frantzian edo Espainian? Bakea berdin marraztuko lukete batzuek eta besteek?».
Herri ikuspegia irudi bidez kontrajartzea lortu nahi du Urmenetak, «eta, horretan, historia nahitaezkoa da, ez baikara atzo jaiotakoak, badugu motxila bat. Eta motxila hori itxiarazi, gorde eta ezkutatu egiten zaigu. Motxilan dauden piezak ezinbestekoak zaizkit geure burua berreraikitzeko, eta gauza asko ulertzeko». Urmenetaren ustez, idealena, «euskaldunok delako kontakizuna edo narrazio nazional propioa izatea litzateke, guk gurea izatea, espainolek berena eta frantsesek ere berena, baina gaur egun ukatu egiten zaigu ikuspegi propioa, horregatik ezartzen dira horrenbeste lege, terrorismo, biktima, irain edo dena delakoaren gainean, ikuspegi propioa ukatzeko, haiengandik bereiz ez gaitezen».

Gustuak eta arriskuak

Proiektu berri bati ekitean, Susanna Martinek gustukoen duen lana dokumentatzea da. Gertaera latzak eta harribitxiak deskubritzen baitira. Larratxek ere gogotik heltzen dio lan horri, «baina obsesio bihurtzen utzi gabe». Haren ustez, sentsazio bat transmititzea da gakoa, ez perfekzioa. Eneko Aritza komikiaren kasuan, frankoen gaineko informazioa aski dokumentatuta izanagatik ere, baskoien gainekoa asmatu egin behar izan zuten, «irizpide logiko batzuei jarraiki, betiere». Alde horretatik, helburu didaktikoa ere badu lanak. Ez da, ordea, funtziorik gustukoena, Larratxek aitortu duenez: «Niregatik balitz, fikziozko komikiak egiten emango nuke eguna, historiatik abiatuta nahi bada, baina dokumentalera jo gabe. Komikilariok, ordea, ardura hori ere izan behar dugula iruditzen zait».

 

BERRIA