‘Atxorrotxeko gaztelua. Denboraren talaiatik’ dokumentala aurkeztuko du Nabarraldek Oñatin apirilaren 25ean

ELKARRIZKETA / BEÑI AGIRRE (Nabarralde Fundazioa)

Atxorrotx Nafarroa gineneko lekuko garrantzitsuenetako bat da”

Nafarroako erresuma eta, oro har, Euskal Herriko historiaz gehiago jakin nahi dutenek hitzordu interesgarria dute apirilaren 25ean. Atxorrotxeko (Eskoriatza) gazteluaren inguruko dokumentala aurkeztuko du Nabarraldek. Nafar erresumaren egituraketan izan zuen garrantzia, eta Araba-Oñati-Leintz bailaren batasuna noiz eta nola gertatu zen azalduko dute, besteak beste. Beñi Agirrek egin digu aurrerapena.

kontzeju1

Zer dela eta Atxorrotxeko gazteluaren inguruko dokumentala?

Nabarralde Fundazioak eta Hernani Errotzen elkarteak elkarlanean daramaten dinamika oparo batetik sortu da. Nafar erresumako tenentzien inguruko bilduma egiten ari gara. Aurretik, San Sebastian de Hernaniri buruzkoa egin genuen. Berez, Euskal Herriko nafar historiaren atal bat bezala hartu behar da. Nabarralde bere sorreratik ari da ikuspegi horrekin gure herriaren historia ikertzen. Hor agertzen da Atxorrotx.

Indusketa lanak egin dituzue Atxorrotxen. Zer aurkitu duzue?

Oso material desberdinak azaldu dira. Tokiaren aberastasun arkeologikoa nabarmena da antzinatik. Jada Gorosabelek ematen digu horren berri esaten duenean 1843an harrizko gezi batzuk aurkitu zirela “toki horretan indusketa batzuk egin zirenean gizakiaren hezur batzuk aurkitu ziren, morrion deitzen dioten buru-babeseko pieza batzuk, azkonen puskak eta burdinazko beste tresna batzuk. Baita ere pezeta erdiko tamaina duten zilarrezko txanpon erromatar batzuk”. Gaur egun Iñaki Sagredo ari da indusketarekin aurrera egiten eta berak aurkitu ditu Erresuma baskoiarekin lotura egiten duten hainbat arrasto.

 

Noizkoa izango zen Atxorrotxeko gaztelua, eta noiz arte iraun zuen zutik?

Zaila da data zehatz bat jartzea. Gizakiaren okupazioen lehenengo ebidentziak historiaurrekoak dira. Atxorrotx azpian dagoen kobazuloan Erdi Aroko arrastoez gain, Epipaleolito eta Postpaleolito garaiko ebidentziak aurkitu dira. Nafar erresumaren arloan, berriz, Gartzia IV. Ramirez Berrezarlearen garaikoak dira (1134-1150) lehenengo tenentziak eta bere biloba Antso VII.a Azkarraren (1194-1234) txanponak aurkitu dira bertan. Seguru asko erromatarren garaitik badago nolabaiteko eraikina, zibikoa edo militarra, eta garaian garaiko hobekuntza eta handitzeak izan ditu. Badakigu, 1200ean zutik zegoela. Orduan Nafarroa ginen eta Gaztelak lurraldea inbaditu zuenean haien esku erori zen. Ez dugu ezagutzen gaztelarrek noiz suntsitu zuten gaztelua.

Zein zen gazteluaren funtzioa? Zergatik zen hain garrantzitsua?

Nafarroako errege egoitzen, Iruñea eta Naiara, eta itsasoaren arteko lotura egiten zuen. Historikoki Gaztelako produktuen eta merkataritza bidearen kontrola ere egiten zuen.

Artean Gipuzkoa existitzen ez zen garaiaz hitz egiten ari gara, inguru hau guztia Nafarroako erresumako parte zen garaiaz. Gaur egungo ikuspuntutik zaila da imajinatzea ere, euskal herritar guztiok bat eginda egon ginela Nafar koroaren inguruan.

Ez da hain zaila. Nafarroa probintzia bezala irudikatzeari utzi behar diogu lehenengo. Hori bera, ikasi dugun gure herriaren pasarte gehienekin egin behar dugun ariketa da. Gezur asko kontatu dizkigute, imaginario hori ezabatu egin behar dugu, oroimena erreseteatu edo berrabiarazi. Iruñea-Nafarroako erresuma Baskonia-Akitaniaren jarraipen naturala da. Baskoiek baskoientzak sortutako erresuma izan zen, beraz gu tartean ginen. Erresumaren garai gorenean Urdializetik (Castro Urdiales) Landetaraino (Albret) iristen zen. Erresuma subirano eta independentea zen, Europako gainerako erresumekin egiten zituen hitzarmenak, ezkontzak gerrak, gurutzadak… Euskal Herria sorkuntza horretatik datorren gaur egungo errealitatea besterik ez da.

1199an erori zen Atxorrotxeko gaztelua, eta horrekin hasi zen Nafarroaren eta gainerako euskal lurraldeen arteko zatiketa. Zer gertatu zen eta nola?

1199ko ekainean, Gaztelako Alfonso VIII.aren armada Gasteizko ateetan zegoen. Bi hilabete lehenago Nafarroako Antso VII. Azkarraren koinatua hil zuten, Chàlausen, Garona ibaiaren iparraldean. Koinatua, Rikardo Lehoi-bihotza zen, Ingalaterrako erregea eta Akitania-Gaskoiniako dukea. Hortaz, Nafarroako Antso VII.a Azkarraren arreba Berengaria Ingalaterrako erregina zen Rikardorekin. Erregea hilda, ordea, lege salikoa ezarri eta koroatik baztertu zuten. Nafarroak aliaturik preziatuena galdu zuen. Errege nafarra arabiarrekin omen zebilen eta gaztelarren armadak garaitzea denbora kontua izan zen. Bederatzi hilabetekoa da gutxi gorabehera Gasteizek errenditu gabe pasa zuen denbora. Hortik aurrera, 1200eko neguaren azkenaldeko hilabeteetatik aurrera, gertaera konkista baten kronika moduan kontatzen da.

Atxorrotx, Euskal Herriaren oroimen toki garrantzitsua izan beharko litzatekeela aldarrikatzen du Nabarraldek, eta oker ez banago, gaztelua berreraikitzeko aukera ere aztertu duzue. Hala al da?

Atxorrotx Nafarroa gineneko lekuko garrantzitsuenetako bat da. Hor dago, denboraren talaiatik begira. Haren harriek hitz egiten digute indusketak egiten ditugunean. Hala ere, hori ezin daiteke “aditu” batzuen jakintza soilik izan. Kulturaren, identitatearen erreferentzia eta oroimenaren altxor bat izan behar du guretzat, euskaldunontzat, nafar guztiontzat alegia. Gerra hura eta beste batzuk galdu izan ez bagenitu, egun zutik iraungo zuen gazteluak. Irabazle izan zen Gaztelako herrietan haienak zutik eta zainduak dirauten bezala, alegia. Gure herriaren bazter guztiak hormigoiez betetzen ari dira, baina, ez dirudi porlanik dagoenik harriz-harri berreraiki beharko litzatekeen obra xume batentzat.

Nolakoa izango da apirilaren 25eko Oñatiko saioa? Nori gomendatzen diozu?

Dokumentala tresna oso egokia da zabaldu nahi dugun errelato hau gizarteratzeko. Irudiak izugarriak dira. Dron batekin zerutik hartutako imajinak gozamenerako dira. Oro har, ezagutzen ez dugun kokapenean barneratuko gaitu, kontatzen dugun gidoiari indarra eman eta ulergarri egiten du esaten duguna. Araba-Oñati-Leintz bailaren batasuna noiz eta nola gertatu zen ikasiko dugu. Proiekzioaren ondoren solasaldia egiteko saioa izango dugu.   Nabarralde hobeto ezagutzen eta gure historiaren pasarte ezkutatuak azalarazten ahaleginduko gara Iñigo Larramendi eta biok. Mereziko du zalantzarik gabe.

“Orain dela hogei bat urte eratu zen Nabarralde Fundazioa, memoria kolektiboa berreskuratu eta ezagutzera emateko asmoz, eta, oso laburbilduta, hauxe da berak defendatzen duen tesia: Nafarroak izan behar du erreferentea euskal estatu baten sorrera prozesuan. Horretarako, baina, gure herriaren benetako historia ezagutu beharra daukagu, Beñi Agirreren ustez.

“Nola izango da Euskal Herria independentea, herritarrek euren historia ezagutzen ez badute? Subjektu politikoa probintziaka banatuta dagoela sinestaturik baldin badaude? Nola izango gara burujabe konkistatu gaituzten horiek kontatzen digutena, aintzat hartu ez ezik, gure egin eta geurea bezala kontatzen badugu? Nola erabakiko du banatzea lotura batetik, bere buruaz autoestimurik ez duenak? Guk ezagutzen dugun horretatik eraiki dezakegu etorkizuna, asmatu edo kale egin dezakegu; baina ez ezagutzetik ez goaz inora”.