Nafar Estaturantz I

Jadanik esana daukagu nafar estatua, hots euskal estatua, gero eta beharrezkoa zaigula arlo juridikoan, linguistikoan, sozialean, kulturalean eta abarretan. Eta arlo ekonomikoan, zer?

Aspalditik planteatu da ‘estatu bat/moneta bat’ delako leloa. Lelo horren kontra, historian hamaika eraso sortu dira, azkena oso hedatua den merkatuaren globalizazioa. (Globalizazio mota berri horri aurre egiteko, estatu batzuek zenbait gune monetario eta ekonomiko martxan jarri dute, kasu, Europar Batasuna.)

Subiranotasuna da eztabaidan dagoen beste kontzeptu bat. Aspaldian subiranoari, maiz erregeari, bazegokion ere -zeinak, moneta dela-eta, jaurgoa (seigneurage) jaso baitzuen-, subiranotasuna egun, maila politikoan, nazioari dagokion eskubide demokratiko politikoa da, eta jaurgoa, banku-moneta dela kausa, erabat bazterturik geratu den kontzeptua da, nahiz eta zenbait bazterretan oraingoz erabilia izan.

Subiranotasun monetarioa, estatu bat/moneta bat leloak laburbiltzen duena, nahiko berria da: XIX. mendearen bigarren erdikoa hain zuzen ere. Kontua da, banku-monetaren inguruan dagoen teorien hutsunea alde batetik, eta bestetik, oraingoz ortodoxiak daukan indarra, nahasketa ederra sortu dela subiranotasun monetarioari buruzko eztabaidetan.

Lehen esan dugun bezala, globalizazioari aurre egin nahiz, eta dolarraren menpetasuna irten nahirik, zenbait gune ekonomiko eta monetario proposatu dira mundu mailan. Beraien artean Europar Batasuna, jadanik eraturiko estatuen gainean era aldrebestu batez eraiki dena.

Egia da beste modu batez egin zitekeen eraikuntza hori (Schmitt, 1988, L’ÉCU et les souverainetés nationales en Europe). Baina ortodoxiak, Bundesbank-en etsenpluari jarraituz, banku hori erabat independentea izan dadin nahi du. Ondorio gisa, Europar Batasuneko Banku Zentralaren helburu nagusia inflazioa -ohiko politika kuantitatibisten bitartez- kontrolatzea da.

Edozein motatako Banku Zentrala independentea balitz, noren esku geratuko litzateke politika monetarioen zeregina erabakitzea? Independentziaren izenean, erabat hedaturik dagoen pentsamendu ekonomiko neoliberalari bide askea utzi nahi izan zaio, monetarismo gordinaren bidez inflazioa kontrolatu ahal izateko. Horixe da, hain zuzen ere, Europar Batasunean ikusten eta jasotzen ari garena. Gure aldetik, ondokoa esan behar, ozen gainera: beste politika monetario eta ekonomiko bat beharrezkoa da, euskal estatua eraikitzen ahalegintzen garen honetan.

1. Finantza-gerlaz hitz bi

Gerla hotzaren ondoan, munduan zehar aparteko krisi ekonomikoa hedatu da, populazioaren zati garrantzitsu bat pobrezia gorrian sarraraziz. Munduko eskualde handi gehienetan moneta nazionalak jasan dituzten erasoek ez dituzte soilik ekonomia nazional horiek desorekatu baizik eta herrialde osoak pobrezia bizian sartu.

Krisia ez dagokio soilik Hego Ekialdeko Asiari edo lehengo Sobietar Batasunari. Hori guztia baino haratago doa, eta autore batzuen iritziz, 1930ean ezagutu zen Depresio Handia baino kaltegarriagoa da.

«Krisi finantzario global» horren existentzia Mendebaldeko prentsa ofizial guztiek ukatzen dute. Ortodoxiak dioenez, Mendebaldeko ekonomia ‘osasuntsua’ da, eta Wall Street-eko merkatuaren egokitzapenak ‘Asiako gripeari’ edo eta Errusiak merkatu-ekonomia askerantz igarotzeko dauzkan ‘arazoei’ dagozkie.

Gogora dezagun, beste aldetik, Asiako moneta-merkatuen zorabioak (1997garren urtearen erdian hasia) munduko burtsak dardarka jarri zituela Urri horretan bertan.

Beranduago, errubloaren jaitsierak Moskuko merkataritza-banku handienak porrotera eraman zituen, Errusiako finantza-sistema osoa Mendebaldeko banku gutxi batzuen esku utziz. Izan ere, sistema sozial eta ekonomiko oso bat deuseztatzen ari da gure begien aurrean.

Finantza-krisiaz hitz egin daiteke, eta ez soilik lehengo Sobietar Batasunean, edo Asiako Hego-ekialdean. Izan ere, krisi horren atzean, finantza-manipulazioa dago. Manipulazio berezi hori da moneta nazionalen arteko desoreken sortzailea eta, ondorioz, moneta nazional horien atzean dauden herrialdeen suntsiketa ekonomikoa eta soziala. Eragile oso boteretsuek merkatu-indarren gainean gauzaturiko finantza-manipulazio hori gerla finantzario berria besterik ez da.

Aipatu bezala, krisi sakon horren atzean espekulazioa dago, finantza-espekulazioa, moneten gainean gauzatzen den etengabeko manipulazioa. XX. mendearen bukaeran eta XXI. mendearen hasieran nazioak ez dira konkistatzen ohiko usantzan. Orain, aldiz, aktibo produktiboen, lan-indarraren eta baliabide naturalen gaineko kontrola beste modu batez lor daiteke. Izan ere, konputagailuen bitartez, dibisen merkatuan sar daiteke eta dibisa desberdinekin eta espekulaziorako asmaturiko beste erremintekin (deribatuak, eta forward foreign exchange transactions, currency options, hedge funds, index funds direlakoekin) ‘jolastu’.

Erreminta espekulatiboak erabiliak izan dira finantza-ondasunak eta aktibo produktiboen gaineko kontrola eskuratzearren. Mozkinak lortzearren, monetei buruzko espekulatzaileek lorturiko herrialde desberdinetako moneten debaluazioak herrialde horien subiranotasunen kontra erasoak besterik ez dira, jadanik zenbait jendek salatu duen modura.

Okerrena ondokoa da, alegia, Nazioarteko Moneta-Fondoak (NMF) babesten dituela moneten gaineko manipulazio horiek, eta moneten debaluazioek, ekonomia nazionalen desorekak, langabezia, eta pobrezia dakartzate. (Ereduak nonahi: Thailandian, Hego Korean, Malasian, Indonesian, …; baina ez soilik herrialde horietan, lehen munduko zenbait herrialdetan ere: Kanadan, Australian, Japonian.)

Nondik dator putzutik irteteko behar den diru-laguntza handia, zeren, dolarretan, bilioi askoko operazioak behar dira zulo horiek finantzatzearren? Dirutzaren zatirik txikiena NMFtik dator. Zatirik handiena espekulazioan aritzen diren bankuetatik dator.

Izan ere, munduko bankurik boteretsuak kreditu emaileak dira, eta aldi berean, espekulatzaile instituzionalak. Gaur egun, haien eraso espekulatzaileak direla medio, moneta nazionalak desorekatzen aritzen dira, dolarretan neurtutako herrialde horien zorrak areagotuz. Geroago, banku berberak azaltzen dira kreditu emaile gisa, herrialde horiek dituzten zorrei aurre egitearren. Eta hori gutxi balitz, banku berberak NMFaren aholkulariak dira porrota jasan duten herrialdeentzako diru-laguntzako programa bereziak antolatuz. (NMFren begiradapean (!!),Indonesian hauexek ziren hango ekonomia ‘babestu’ zuten bankuak, munduko garrantzitsuen artean daudenak, hain zuzen ere: Lehman Brothers, Credit Suisse-First Boston, Goldman Sachs and UBS/SBC Warburg Dillon Read.)

Hau da, zor publikoa bermatzen dutenak (finantza ordaintzearren) azkenean mozkinak eskuratuko dituztenak dira, haiek baitira finantzaren azken bermatzaileak. Espekulazioan aritzen direnentzat segurtasun-sare moduko bat da mekanismo hori. Kasurako, Asiako herrialdek beren zor obligazioak estaltzeko behar zituzten finantza maileguak, hasieran haien moneta nazionalak porrotera eraman zituzten finantza-instituzio berberak izan ziren. Bizio-zirkulu horren ondorioz, banku komertzial gutxi batzuk aberastu egin dira erabat, gobernuen gainetik eta munduko politikaren gainetik beren eragina handituz. (Gutxi batzuk horien artean hona hemen ezagunenak: Wall Streeteko Chase, Bank America, Citicorp eta J. P. Morgan alde batetik, eta Goldman Sachs, Lehman Brothers, Morgan Stanley eta Salomon Smith Barney bestetik.)

Ondorio orokor gisa, hauxe esan daiteke, espekulatzaileek, hau da, banku global horiek, banku zentralen esanahia eta ekonomia nazionalen subiranotasunak kolokan jarri dituzte, ekonomia mailan, nazio-estatuaren mugak agerian utziz. Herrialde askok banku globalen aldetik jasotzen duten erasoetan NMFak berak daukan jokaera berezia eta erantzukizuna oraintxe ikusiko dugu.

2. Nazioarteko Moneta-Fondoa (NMF), banku zentralak eta banku globalak

Ortodoxiaren arabera, banku zentralak edozein erakundetatik, eta batez ere erakunde politikoetatik, independenteak dira. Ikus dezagun ea uste hori zuzena ala okerra den.

Ezaguna da egun zer-nolako garrantzia eta eraginak daukaten enpresa eta banku handiek, nazioartekoek batez ere. Merkatu askea aldarrikatzen den bitartean, oso boteretsuak diren erakunde produktibo eta finantzario horiek agintzen dute mundu mailan. Eta, argi dagoenez, produkzio hori eta kredituetarako maileguak moneta konkretuetan agertzen dira: oraintsu arte dolarretan, orain dela gutxiz geroztik dolarretan eta eurotan.

Errusian, erreforma makroekonomikoak gauzatzearren, 1992an NFMren ‘shock terapia’ martxan jarri zenetik ikaragarrizko dirutza igaro da mendebaldeko inbertsiogileen eskuetara. Kontua da, merkatuen indarren manipulazioen bidez lorturiko osasun guzti hori NMFren eskusartze makroekonomikoen babespean gauzatzen dela.

Are gehiago, herrialde askotan behar den legislazio berezia txantaje finantzarioaren bidez lortzen da: legislazioa ez bada egokitzen NMFak emandako azken datetarako, finantzak gelditurik geratuko lirateke, berriz ere, moneta-espekulazioan erortzeko arriskuarekin. NMFak luzatutako ‘irtenbide-programek’ herrialde horietako enpresei atzerriko enpresekiko aliantza estrategikoak gomendatzen dizkiete, lan-indarra trebea eta oso merkea delarik. Hori gutxi izan balitz, banku globalei, hots, munduko banku erraldoiei, NMFak eta Mundu Bankuak deitzen diete aholkulari gisa parte har dezaten irtenbide-programa horietan. Bide honetatik, herrialde horien ekonomiaren giltza-sektoreek pribatizatze berezia ezagutzen dute, munduko banku erraldoien menpe jartzen baitira.

Beste aldetik, herrialde horien banku zentralek beren monetak babestearren, dolarretan, bilioi askoko maileguak eskatzen dizkiete banku erraldoiei, NMFaren akordioen bidez. Aurreko artikulu batean esan genuen bezala, espekulazioen bitartez moneta horiek kolokan jarri dituzten bankuei berei eskatzen dizkiete mailegu erraldoiak. Negozioa apartekoa da. Et ahori guzti hori, NMFaren babes eta onarpenarekin.

1994-95ko Mexikoko krisitik, NMFak gero eta eginkizun handiago eta garrantzitsuago jokatu du banku globalek eta espekulatzaileek haien manipulaziorako ‘inguru finantzario’ berezi bat antolatuz. Horrela, banku globalak barneko informazioaz irrikaz daude. Izan ere, eraso espekulatzaileek, arrakastatsuak izateko, medizina ekonomiko gogorrak behar dituzte, NMFaren finantza-akordioen bidez lortzen direnak.

Beraz, NMFak inguru berezi bat bultzatu behar du, non moneta nazionalek jaisteko, balioa galtzeko, aukera daukaten. Horrela, kasu, NMFak Indonesiari bere moneta libre uztea, deslotuta egotea, agindu zion rupiaren jaitsiera dramatikoa baino hiru hilabete lehenago. Thailandiako moneta nazionalaren debaluazioa ildo beretik ikus daiteke. Hori guztia gertatzen da, noski, NMFak ekonomia nazionalei irekitasun eta gardentasun ekonomikoa gomendatzen dien botartean.

Behin debaluazioa agertu ondoren, dolarrak behar dira moneta horri birbalioztatzeko, eta orduan, banku globalak prest daude. Zirkulua ia perfektua da.

Nazioarteko kapital mugimenduak araututa daude, eta arau horiek finantza-gerlei forma ematen diote, bankuek eta espekulatzaileek beren eguneroko erasoak gauzatzearren. Izan ere, ondasun ekonomiko eta finantzarioa eskuratzearren, nazioarteko bankuek eta enpresek gogorki eta ozen aldarrikatu dute kapital fluxuen desarautzeko. 1998an Washingtonen, NMFk kapital mugimenduak desarautzeko agiria onartu zuen.

Agiri ofizial horrek dioenez, NMF-ren helburuetako bat kapital mugimenduak askatzea da, helburu horretarako NMFren jurisdikzioa, behar den bezala, hedatuz. Ebazpen horrek oihartzun txikia izan zuen prentsan. Agiri horrek, eta berari lotuta zegoen Multilateral Agreement on Investment delakoak,(i.e, inbertsioari buruzko akordio multilaterala), egiatan, gobernu demokratikoak nazioarteko bankuen eta enpresen menpe jartzea suposatzen dute.

Hori guztia gutxi balitz, AEBetako eskuindarrek, merkatu librearen aldekoek, finantza-krisia zabaldu zen bezain laster, finantza egiturak hobe eratzeko eskatu zuten, NMFa AEBen menpe are gehiago egon dadin aldarrikatuz, NMFak bilioi askoko finantzak banku pribatuen esku utz ditzan eskatuz.

1998ko agiri horren ondoan, munduko bankurik eta inbertsio-etxerik nagusienek Washingtongo beren eledunaren bitartez (alegia, Nazioarteko Finantza-Institutua delakoren bidez), sektore pribatuko aholku-emaile kontseilua proposatu zuten NMFaren jarduerak gainbegiratzeko. NMFak, krisiak kudeatzearren, sektore pribatuaren partehartzea handiagoa izateko urrats konkretuak eskatu zituen. Azken horrek NMFaren eta banku globalen arteko boterea banatzea besterik ez du esan nahi. Are gehiago, banku globalek eta espekulatzaileek NMFak gobernu desberdinekin dauzkan harremanen berrien zehaztasunak jakitea nahi dute. Lehen eskuko informazio hori jasorik, banku globalek eta espekulatzAileek egoera hobean egonen litzateke finantza-merkatuei beren erasoak planifikatzeko, NMFa gobernu horiekiko finantza akordio batera iritsi baino lehenago, eta akordioa gauzatu eta geroko egoeran. Banku globalek, ‘gardentasunaren’ izenean, nahi dutena ondokoa da, alegia, NMFaren barneko informazio pribilegiatua edukitzea.

Ondorioak bistakoak dira. Finantza-krisiek munduko nazio-estatuko instituzioen rola birrindu dute behin baino gehiago. Okerrago, 1944an Bretton Woods-en sorturiko nazioarteko gerla ondoko instituzioak, NFA bereziki, desegituratu gelditu dira, nahiz eta egitura horiek sortuak eta eratuak izan ekonomia nazionalen egonkortasuna bermatzeko. Aldiz, NMFaren eginkizuna eta etorkizuna, gaur egun, banku globalen eta espekulatzaileen araberakoa da.

Litekeena ote da NMFa beste modu batera eratzea, non ekonomia nazionalek beren subiranotasun maila gorde dezaketen? Baiezkoan daude zenbait ekonomialari. Baina horretarako, eta lehen urrats bezala, ondoko patologiaz jabetu beharra dago.

Izan ere, nazioarteko transakzioetan, multzo gisa harturik, hau da, haren egoiliarren multzoa (are sektore publikoko egoiliarrak) kontuan harturik, makro-mailan, herrialde zordunaren eta gainontzeko munduko ekonomia nazionaleko egoiliar edo agente guztien artean badago patologia bat. Herrialdez ordunak birritan ordaintzen ditu bere zorraren interesak. Patologia hori konpon daiteke, ikus Bernard Schmitt ekonomialariak NMFan bertan aurkeztutako lana (2004, «Between nations, the interest multiplier is equal to 2», Quaderni di ricerca, 12 zenb.).

Are gehiago, gaur egungo nazioarteko ordainketen ‘sasi-sisteman’ herrialde zordunduek galtzen duten erreserba ofizialen gutxitze ez-justifikatua beraien interes-ordainketen baliokidea da, eta herrialde zordun horien Altxor Publikoek jasaten duten galera berdintzen du. Schmittek proposaturiko erreforma sakonaren ildotik (Schmitt eta Cencini, 1991, «External debt. A vicious circle» delako liburuan) galera horiek alboratuak izanen dira betiko. Egungo sasi-sisteman, aldiz, kanpo-zorra betiko zor bihurtzen da.

3. Euskal errepublikarantz

Nazioarteko mailan, moneta sistemak ongi funtzionatu beharko du. Egun pentsaezinezkoa da mundu mailako moneta bat jaulkitzea, alegia, Keynesek nahi zuen ‘bancor’ bezalakoa martxan jartzea. Beraz, estatu bakoitzean egin behar dira aldaketak: kanpoko transakzio guztiak departamentu berezi batean kontabilizatuz, eta barneko transakzioekin bereiziz (Schmitt eta Cencini 1991).

Euskal Herria jadanik sarturik dago Europar Batasunean. Hortaz, kanpora begira, eta euro-gunean jadanik egonik, gure kanpo-harremanak Europar Batasunak bideratzen ditu. Hortaz, Europar Batasunari, bere osotasunean dagokio, kanpo transakzio guztiak ongi bideratzea, departamentu berezi bat antolatuz eta barneko transakzioekin ez nahastuz.

Gure etorkizuna Europa horretan gertatuko denari lotu behar diogu, onerako eta txarrerako. Gainera, bankugintzan behar diren aldaketak errazago izan daitezke Europa mailan, berton gai horretaz zenbait jende kezkaturik badagoelako, ez soilik ikerketa mailako jendea.

(Beste aldetik, euskal errepublika berrian, barnerako begira, bankugintzan eta kontabilitate arloan egin beharko diren aldaketak Europar Batasunean ere egin beharko dira. Hurrengo batean arituko gara arazo horretaz, stagflakzioari aurre egiteko.)